XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Avilako Teresaren autobiografiari gustoa hartu zion.

Ana Reinachen etxean bizi izan zituen espirituzko esperientzia haien ondoren, Edith Stein bihotz barrua ebakirik zuela gelditu zen.

Jadanik ezin zuen ukatu, Jainkoagan eta Kristorengan sinesten zuela; baina, sinesmen honek eskatuko liokeen aurrerako pausoa eman ezinik zebilen.

Fenomenologo bezala analista trebea zenez, bere barruko egoera eta joera guztiak argi eta garbi ikusi beharrak; pentsalariaren fidakaiztasunak; bere nortasuna erabat entregatu beharrean beldurrak; protestanteen edota katolikoen elizara, nora jo behar zuen oraindik argi ez ikusteak etabar: honelako arazoek oztopo egiten zioten.

Baina, berak geroago esan zuenez: Barruko korapiloan kateaturik eta askatasunera irten ezinik bazebilen oraindik, maitatzeko gaitasunik etzuelako eta eskerronekoa izaten ere asmatu ezinik zebilelako omen zen azken batean.

Dena dela, hain urrutitik eta hain bide luzean fedearen erromes zetorren egiazale zintzo honek, oraindik oso gau iluna pasa behar izan zuen sinesmenaren atarietan.